martes, 31 de enero de 2012

altxor bat hitzez beteta

Gauza jakina da, bertso txapelketa bat irabazteko ez dagoela errezeta magikorik, zeren, benetako magia sortzen baita bertsolarien buruan. Nik entzuten diedanean, neure buruari esaten diot gustatuko litzaidakeela beren “erraztasuna” edukitzea hitzekin jolasteko. Hitza da bertsolaritzaren oinarria, bertsolarien tresna. Hitz gutxirekin eta bat-batean, gizakiaren eboluzioa kontatzeko gai dira; Maialen Lujanbiok 2009ko finalean egin zuen bezala.


Esan beharrik ez dago bertsolariak “magoak bezalakoak” direla, magikoak ez ezik, azkarrak eta ironikoak ere dira. Atzo, Lazkao Txikiren, (agian bertso munduko bertsolaririk ironikoena), lagun batzuekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta azken hogei urteotan bertsolaritzaren historia asko aldatu dela aditzera eman zidaten. Lehen, ez zegoen eskolarik; egun, berriz, ia herri guztietan badago bertso eskolaren bat. Lehen, bertsolariak gizonak bakarrik ziren; egun, ordea, emakume asko dago. Baina, bertsolaritzaren esentzia da aldatu ez dena, hau da, bertsoak inprobisatzeko ahalmena; bertsoak non doinuak eta isiltasuna, hitzak bezain garrantzitsuak diren. Hori dela eta, ez da harritzeko bertso txapelketa batean milaka lagun elkartzea, isiltasun betean, arte hau entzutez eta ikusiz gozatzen.


Lehen aipatu dudan bezala, bertsolarien tresna hitza da, bai hitza, bai hitzarik eza, hau da, hutsunea. Bertsolariek inprobisatzen egiten dute, hori da denok ikusten duguna. Inprobisazioaren atzean, ordea, lan asko dago, milaka eta milaka ordu hitzekin jolasten, ikasten, errima osatzen, bertsoak konpontzen, bertsoak desegiten buruan gordetzeko. Haiek badakite, hitzak beren altxorra direla, eta ahalik eta ondoen egiten ahalegindu dira , egun batean, saioz saio gure aurrean erakusteko.


Ez da beharrezkoa bertsolaritzari buruz asko jakitea bertsoen edertasunaz gozatzeko; euskara jakitea besterik ez duzu behar, hitzekin “jolasten” duen beste edozein arte ulertzeko bezala. Ni bide erdian nago, euskara ikasten ari naiz, bertso batzuk ulertzen ditut, beste batzuk, berriz, ez. Baina, noizbait, guztiak ulertuko ditudalako itxaropena daukat eta orduan bai, orduan guztiz gozatuko dut; senak esaten didalako bertsolari bakoitzak altxor eder bat gordetzen duela, altxor bat hitzez, soinuz eta isiltasunez beteta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario